XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestalde ordea, Glosematikaren eraginkortasuna eta garrantzia ukaezinezkoa dela uste dugu.

Egungo Semiotika Hjelmsleven hainbat nozioz baliatu da bere teoria eraikitzeko (adierazpena-edukina, semiotika konnotatzailea eta metasemiotika...).

Halaber, iruditzen zaigu Testuaren Gramatikak nahiz eta berau oso joera desberdinetako ekarriz osatu den, eta Hjelmslev gogoan izanik paradoxa badirudi ere, Pragmatikari, hau da, hiztunari garrantzi handia ematen dion baduela zer ikusirik Glosematikarekin (11) Azkenik, egungo zenbait hizkuntzalari europar, glosematiko ez izanik ere, Hjelmsleven jarraitzaile zuzena dela esan daiteke, Eugenio Coseriu adibidez. Eta Coseriuren zenbait ideia oso baliagarri zaigu, itzulpen teorian bereziki.

Glosematika teoriaren sustrai nagusiak oinarri bikoitza du: Saussureren teoria alde batetik hobeto esan, teoriaren zati bat, formalena hain zuzen: Heeschenek Saussure depsikologizatua dela dio; teoria hau muturreraino eraman zuen, inoiz ezagutu ez den bezalako sakontasun eta zehaztasunez; eta bestalde, eta bereziki metodologiari dagokionean eta metodologia arazoak lehen mailan jartzen ditu Glosematikak Vienako taldearen neopositibismoa.

Saussurek bezalaxe, Hjelmslevek hizkuntzaren teoria inmanente bat aldarrikatzen du, alegia, hizkuntza bera helburutzat duena, eta ez hizkuntzaren azterketa bestelako ikerketetarako (psikologia, historia, antropologia...) erabiltzen duena.

Baina Hjelmslevek forma aztertu beharra azpimarratzen du, substantzia (fonikoa, semantikoa) baztertuz.

Forma hori sistema da landu behar dena; beste edozein azterketa motak metafisikan erortzeko arriskua duela medio.

Ikus nola azaltzen duen hizkuntzalaritzaren helburua:

Hizkuntz teoriaren xedea honetan datza (...) prozesu orok azpian sistema bat baduelako tesia frogatzean eta fluktuazio orok azpian iraunkortasuna.

Humanistikaren arloan ahalegin honen aurka altxatzen ziren ahotsak, esanez gizakiaren bizitza espirituala eta suposatzen dituen fenomenoak ezin direla, bizitza hori hil gabe, azterketa zientifikoaren menpe jarri, eta horren ondorioz, objektuari gure aztermenetik ihes egiten utziz, guztiz apriorizkoak dira, eta ezin diote zientziari ahalegin hori eragotzi (12) Prolegómenos... 21 or..

Beraz, sistema aztertu behar da (langue) eta maila sinkronikoan (iraunkortasuna).

Hemen bi abstrakzio ditugu beraz.

Eta azterketa metodoa logiko-matematikoa izanik, erraz ulertzen da egin nahi dena hizkuntzaren algebra baten antzekoa dela.

Hjelmslevek Saussureren bi baieztapen azpimarratzen ditu bereziki:

a) (goian aipaturikoa) hizkuntza forma da, eta ez substantzia. b) aurrekoari lotuta dagoena, ikusiko dugunez: hizkuntza oro adierazpen eta edukin da batera.